2012/12/16

Amorerik eman gabe,

Gora begiratzen du, arnasa hartu ezinik. Itotzen ari da, baina ezin du ezer egin, sufrimendu aurpegia erakutsi besterik. Bakarrik dagoen leku horretan ordea, lekukorik ez dagoenez, ez du laguntza jasotzeko esperantzarik. Lekuan bertan geratu ordez, aurrera jarraitzea erabaki du ordea. Izatearen barne sakonenetik atera ditu azken indarrak, bere harridurarako. Pauso txikiz, asko aurreratu ez duen arren harro sentitu da. Unerik zailenetan ere aurrera egitea erabaki duelako. Helmugara iristeko esperantzak aspaldi itzali ziren arren, aukerak bertan jarraitzen dutela ohartu delako. Amorerik ez ematea erabaki duelako. Inpotentzia eta alaitasunaren arteko nahasketa bitxi horri heldu eta lurretik narras doa. Konortea galtzear dago.

 Mundu krudel hau utzi aurretik, azken irria eskaini dio
Jaio zen unetik lapurtua izan zitzaion bizitzarekin amestuz itzali da. Betirako.  


2012/12/13

Atzeraurrera,

Atzerantz begiratzen hasi eta ez dakit akatsak nondik jaio diren, edo non ezkutatu ziren? Gauzak ezberdin ikusten ditut orain,  ez dakit nola egin nien aurre oztopoei, ez eta noiz egin nuen topo haiekin ere.Mendi altuak igo ditudala esan nahi diot barneari, garunari, buruari... baina badakit aurretik bide luzeegia dudala. Kolpe ugari ditut jasotzeke, erabaki gehiegi hartzeke, denborak berdin jarraitzen du aurrera. Ez dago geldiunerik ez atzera bueltarik, badaezpadakoan begiratu dut, iraganaren putzu sakonean murgilduz.

Agur esan diet oroitzapenei.
Aurrera begiratzeko ordua iritsi da. 


2012/12/10

Zerrail hotsa, ametsgaizto denean.

Burkoan babestu da, ohi bezala. Aurpegia estali du, mundua ixteko intentzioz. Egunero entzun behar izaten dituen biraoak datozkio behin eta berriro burura. Merezi dituelakoan, are eta okerrago sentiarazten da. Ohitura suntsitzailearekin jarraituz, hutsaren hurrengoa dela errepikatzen dio bere buruari. Hainbat alditan entzun duena sinetsaraziz. Faltan botatzen du aspaldiko babes hura. Baina beldurrak sortutako irudizko kateek  itxi diote ahoa. Ez da pentsatzeko gai. Argiak ez du lekurik bere egunerokotasun ilunean. Ez da ondoan duen telefonoan zenbaki batzuk markatzeko gai, bakardadeak estali baitizkio begiak, jipoiek  lotu eskuak... Ahaztua du, iraultza txikiena ere nonbaitetik hasten dela.

Ohe gainean jarraitzen du iraultza horren zain, ametsetan.

2012/12/05

Harea, besterik ez


 Haizeak,  hondar aleak daramatza astiro, dunen arteko olatu lehorrak marraztuz. Eguzkiaren beroak arropak ere zeharkatzen ditu, izpiak azaleraino zuzen iritsiz. Turismo egarriz etorritakoren batek antzemango ez lukeen zerbait du inguruak. Sentimenduen turismoa, hain zuzen. Lau izarreko hotelen ordez,  jaimen lur estaliak ohe gisa. Dutena baino gehiago emateko prest diren familiak, hoteletako zerbitzarien pare, etxera sartu zaien edozein ezezagunen premiak asetzeko prest. Jostailuek edo opariek ez dute balio bera hemen. Maitasun eta intentzio betez eginikoek ere ez. Ez dira erabilgarri basamortu erdian. 

Bizikleten gurpil zulagaitz bakarrak arropa zatiak edo harriak diren leku honetan, gurpil puzgailuaren balioa ikusi besterik ez... 



2012/12/04

Prest,

Mundu honek milaka desilusioa ditu guretzat gordeta. Oraindik ikasten dihardugu, eta gutxien espero dugunean ohartzen gara hala dela. Egun ederrenaren ostean aurki dezakegu errealitate gordinena. Hainbat denboran jakin izan ditugun baina sinetsi nahi izan ez ditugun egiak datozkigu kontu eske. Bete-betean harrapatzen gaituzte, apurtzen gaituzte. Halaxe sentitzen gara, zati txikietan zatituta, aurrera egin ezinik. Zer egin ez dakigula. Noraezean. 

Eta guk, aurrera jarraitzen dugu zuzen, hau ekiditea erraza izango balitz bezala, irrifar behartuz estaltzen ditugu aurpegiak. Geure buruari dena ondo doala sinetsarazi nahi diogun antzerkiarekin jarraitzeko asmoz.

2012/11/29

Nondik-nora

Nora alde egin ote dute amets ukatuek? Non pilatzen ote dira beldurrak ezeztatzen dituen sentimenduak? Esan gabe geratu diren egi biribilenak? Nora egin dute ihes berriro bizi nahi genituzkeen oroitzapen ezkutuenek? Berriro entzun nahi genituzkeen hitz goxoek?

 Garun beldurtuetatik bidalitako mezuak, gora eta behera darabiltzagu. Geure burua espetxeratzen jarraitzen dugu, askatasun egarriz hiltzear daudenez ahaztuta. Ez gara egunerokotasun mekanizatutik askatzeko gai sentitzen, beren kabuz bizi ezin dutenei nola bizi behar duten adierazten diegun bitartean.

 AUSARDIAK lozorroan dirau txokoren batean. 

2012/11/27

Libre eta zabal,

Libre eta zabal dirau itsaso urdinaren islak bere begi ilunetan. Inoiz ikusi duen gauzarik ederrenaz liluraturik jarraitzen du. Jaioterriko hondarrezko dunak oroitu ditu, hondarrezko itsaso zabal hura. Eguzkiaren berotasun jasanezina du buruan. Eztarria bustitzeko tanta bakanak amesten zitueneko garai hura. Beldurra dio aurrean duen ur masa itzelari. Edozer irensteko gai den basapizti urdinari. Oraindik ez daki zeri begira dagoen, polita dela baizik. Norbaiten hitzak datoz haizearekin batera. Aurrean duena ispilu izugarri bat dela esan dio, zeruaren kolorea islatzen duen ispilu bat. 

Inoiz ikusi duen gauza miresgarrienari begira jarraitzen du. Ihes egingo ote duenaren beldurrez. 


2012/11/24

Borroka luze bat,

Begiak bete zaizkio, baina ez du malkorik isuri nahi, malkoek ahultasuna erakusten dutelakoan. Ispiluari begira, begiak dir-dir, irri faltsu batez bete duen aurpegi apurtuan. Inoiz ez da sentimenduak gordetzeko gai izan, ezta orain ere. Antzerkilari trakets bat dirudi, benetako sentimenduak gorde eta asmatutakoak  erakutsi nahian.  Irria ezpainetan, malkoak begietan. Ezin izan ditu gehiago eutsi, iturriko txorrot fina martxan hasi da. Begi sakon gorrituetatik beheruntz, masailetara. Masailetatik kokotxera. Plast, abioiak askatutako lehergailu baten gisan lurrera. Guztiz apurtu da, gohitik behera. Gorputzeko zatiak berriro elkartu nahi balitu bezala, besoekin babestu da. Besarkada trakets batean. Zapaltzen ari den ileak, hotzetik babesten dizkio oinak. Guraizeak txoko batean utzi ditu, gero eta pisutsuagoak baitziren bere esku ahuletan. Amorruz begiratzen ditu, gertatu berri denaren erru guztia beraiena izango balitz bezala.

Soildu berri duen buruan zehar eskuak. Minbiziaren aurkako borroka luze bat hastear.

2012/11/22

Garrasirik apalenak, itoenak

Garrasi egiten du argudiorik gabe geratu ohi denak. Eztarrietatik irtendako hitz ozenenek arrazoi gehiago izango balute bezala. Aurrean duen indibiduoa ohiuen bitartez zapaltzeko asmotan. Hitzen esanahia albo batera utzi, eta arrazonamenduaren bidetik hurrundu dela ohartu gabe. Ohartu bada ere, beranduegi izango da atzera bueltatzeko. Bereari helduko dio amaierararte. Inoiz ez da bere akatsak onartzeko gai izango.

Eta bitartean garrasirik apalenak, itoenak, benetan arrazoiak sortu dituenak, arbuiaturik iraungo dute. Guztiz itzalduak izan arte.

2012/11/21

Amnesia

Oinutsik, pausoz pauso. Atzean uzten ari denaz ez da oroitu ere egiten. Iluntasunean esnatu da, eta indar batek ohetik altxarazi du. Inoiz ez da sentitu errobot bat gisa, gaur arte. Ez daki non dagoen. Hainbat urtetan epeltasuna eta babesa eskaini dioten izarak ere ez ditu ezagutu. Argazki zuri-beltz bati begira geratu da. Berak hezitako seme-alabak ageri direneko irudiak ez dio sentimendu bakar bat ere piztu. Izpi bat ere ez, bihotz sakon izoztuan. Begirada galdu horrek, urte bat bete du iada. Urte bete. Horma itxi ezezagunek urdurituta, mamu baten gisan abiatu da atarirantz. Lehenik hanka bat, gero beste bat, kanpoan da dagoeneko. Euri tanta gardenek, ez dute denbora asko behar izan azal zimurtua bustitzeko. Ez du burua makurtzeko asmorik, ez baitu beldurrik. Zeruari begiratu dio goruntz, zuzen begietara.

Ez ditu ataritik datozen alabaren negar-malkoak aditzen. 
  

Hurrun geratu direnak,

Haizeak daramatza hitzak. Esandakoak bere hortan geratu dira. Lurrean iltzatu eta nola ihes egiten duten ikusi besterik ez dugu. Esan nahi genituenak, irentsi nahi genituzkenak.Hatzen artetik ihes egiten dute. Oroitzapenak bezalaxe. Hain hurrun geratu dira. Anonimoak. Jaberik gabeak. Sinatu gabeak. Sentimendu aspaldi xurgatuak. Hotzak.

2012/11/20

Arratsalde arrunt bat

"Egunero bezala, bankuan eserita dago. Kaskoak jantzi eta musika entzuten. Etxetik ihes egin besterik ez zuen nahi, burua lanpeturik izateko aitzaki gisa hartu du liburua. Gurasoen garrasien oihartzuna estali nahi du. Bankuaren beste muturrean agure bat dago. Kezkati. Beldurti. Ondoan duen gazteaz ez da jabetu ere egin. Semea du buruan. Berak hainbeste lan egin izanak ez dio etorkizun sendo eta duinik izateko aukerarik eman. Kale gorrian bizi da. Neskatila txiki bat du aurrean, eskutik lotuta daraman puxika orlegiaz liluraturik doana. Pozik, irribarretsu, buruan darabilen kezka bakarra puxika galtzea izanik"  

Gure ahulezian

Izan nahi dudana eta naizenaren arteko distantzia luzea, ertaina, motza... Tamaina da gutxienekoa. Izatea bera da arazoa.  Egunero ispiluan begiratu eta galdera bera. Txiki sentitze hori. Besteen handitasunaren itzalean. Ba al da ordea handirik? Handiak agian, baina benetakorik? Txikienak errealenak ez ote garen galdetzen dut nik. Gure akats zein ahuleziekin.

Askatasun haizea,

Bada sentimendu bat batzen gaituena. Txikitatik, inguruak ezabatu eta zapaldu nahi izan duen arren, bihotz-bihotzean giltzatuz babestu duguna. Ikasi ezin dena. Berezkoa duguna. Hitzek guztiz azaldu ezin dutena, malkoez errazago trasmititzen dena. Sufrimenduarekin lotzera behartuak izan garena. Irri politenek erakutsi digutena. Harreman bitxienek sendotu dutena. Gure nortasunaren oinarri dena.

2012/11/19

"Atzera goaz aurrera ez bagoaz"

Egunak pasa. Minutuak. Segunduak. Munduaren abiadura ez da gelditzen. Denak aurrera joaten jarraitzen du. Jarraitu ezinak gelditzen nau. Entzun, ikusi nahi ez dudanak heltzen nau. Ezin dut abiada hau jarraitu. Baina inor ez dago nire zain.