2013/01/22

Amildegi muturra,

Amildegiaren muturrean dago. Oinak sustraien moduan iltzatuak ditu lur muturrean. Aske sentitu nahi du, bizi labur honetan aukera bakarra badu ere. Heriotza eta bizitzaren muga zeharkatzeak sortutako beldur-irrikaz bete nahi du barrena. Aukera hori beregan dagoela sentitu. Atzera itzultzera edo jauzi egitera bultzatzen dioten arrazoien gudan aurkitzen da. Balantza zein aldeetara eroriko denaren zain. Aukeratuko duena bera dela sinetsarazi nahian. Ausardia non gorde duen aurkitu, eta behingoz erabiltzeko gai dela ohartuz. Jauzi egin du aurrerantz, beldurrik gabe baina indar guztiak bertan utziz. Sustraiak erroetatik atera ditu eta askatasun haizeaz gozatzeari ekin dio, golpe bortitzenaren zain dagoelarik.

Baina golpe bortitz hori ez da etorri, ezta bera lurrera gerturatu ere. Ausardiaren irudizko hegoei esker, hegan jarraitu du zeruan. Nahi duena aukeratu baitu. ARRISKUAK DAKARREN BELDURRA EZKUTATU ETA SENTIMENDUAK JARRAITUZ.

Bertsolari dokumentala

2013/01/15

Ahultasuna>Boterea

Txikitan amak, bihotzak apurtezinak zirela irakatsi zion. Jasotako muxuek, igurtziek, besarkadek, hala zela erakusten zioten. Haserre "gogor" baten ondoren lehenago edo beranduago berreskuratzen baitzituen. Kontzientziak behin eta berriz errepikatzen zion, barearen ostean ekaitza zetorrela, baina honen ondoren ere barea etorriko zela. Gelako atearen danbatekoaren bidez, zein barkamena eskatuz lortzen zuen hain preziatua zuen lasaitasuna, baina ez zuen ikasi zerk zuen balio gehiago. Ateari gogor eginez, boteretsu sentitzen zen, barkamen eskatzean ahul sentitzen zen moduan. Boterearen itzal gazi-gozoak pisu handiagoa zuten esku haietan, barealdi bakoitzak, ekaitz bortitzena indartzen zuen ordea. Danbateko handi batez alde egin zuen etxetik, bare-egarriz. Baina mundu perfektu handik kanpo, ate danbadek ez zuten lekurik. Eta bihotzak, zuzenean apurtu ezin ziren arren, izoztu ondoren pitzatzen zirela ohartu zen.

2013/01/06

Oroitzapenetan murgilduz (3)


“Elkarri begira daudela, euria hasi du. Tantak pixkanaka jausi dira, patxadaz, une hura apurtu nahi ez balute bezala. Lurrera iritsi dira, baita bi haurren masailetara ere, baina hauek ez dira beldurtu. Elkarri ausart izaten laguntzen baitiote. Mutikoak goxo-goxo heldu dio eskutik, zutitzeko eskatuz. Neskatoak bi aldiz pentsatu gabe jauzi egin du belar gainera, eta elkarren arteko lotura hautsi gabe korrika bizian hasi dira. Alai, bizirik, beldurrik gabe dantzan hasi dira euripean. Haurtzaroan unerik politenak euriak ere ez baititu zapuzten. Heldutasunean ez bezala”.


2013/01/04

Oroitzapenetan murgilduz (2)

“Oparia jaso ondoren, aurrean duen mutikoari musu bat eman dio esker modura. Honek harrituta, masailean sentitu ditu bere ezpain bigun eta bustiak. Gustuko du hauen ukitzea bere masail gorrietan, eta honek sortutako kilimek ihes egin ez dezaten eskuaz heldu ditu. Elkarri begira jarraitu dute hodeien mundu perfektuan, batak lorea eskuan besteak eskua masailean. Ez dakite oraindik zeinen zoriontsu diren. Haurtzaroan sentimendu goxoenek eragiten dutena ezezaguna baita, betirako galtzen direla ohartzen gareneko hutsunea bezala.”


2013/01/02

Oroitzapenetan murgilduz (1)

Arnasestuka etzan behar izan du belardi zabalaren txoko ezkutuenean. Ihes betean dabil, barre algarak isilaraziz. Ez dago ez gaizto ez zintzorik berarentzat, zoriontasuna baizik. Harrapatua izatearen beldur eta nahiaren artean, ez dio korrika egiteari utzi. Baina ezin izan du atzera begiratzeko nahia eutsi, ez baitu bere aurpegiaren irudia ahaztu nahi izan. Orain belar gainean, zeruaren urdinean galduta, bere ametsak marrazten ditu hodeien artean, esku ezagun batek ekarri dion lore ederrak mundura itzularazi dion arte. Lotsati onartu du arantzik gabeko oparia. Haurtzaroan arantza mingarriak ezezagunak baitira, bakardadea eta tristura bezala”.