2013/08/27

Gorrotatzeagatik gorroto duen gorrotatzailea

Gorroto dut argudio soil gisa oihukatzen duena.
Garunik gabeko bozgorailu esatari hutsa.
Zentzurik gabeko bortizkeria darabilena.
Gorroto, eskuak berotze bidez txalotzen zaituen errobot automatizatua.
Gezurrak irribarrez estaltzen dituena.
Iritzi propiorik ez eta entzundako edozeri men egiten dion ezjakina.
...

Zeu.

Informazio zaparrada baten aurrean mutu pausatzen nintzenean haserretzen zinen.
Txorimalo baten antzera ikusten ninduzun, ezer pentsatzeko gai ez nintzelakoan.

Elkarrekin astintzen genituen izarak.

Azken agurrean jakinarazi zenidan gorroto ninduzula.

Gorroto dut jendea gorroto duela aitortzen duen jendea.

Gorroto           zaitut ,



               eta  ,
                                   gorroto              naiz   .




FIXING MYSELF


2013/05/28

Zoriontsu izan edo halako zeozer.

Errazegia izan ohi da bidea jarraitzea. Benetan zaila bertatik aldentzea izaten da. Gauzek zentzua dutenean, bideak ere zentzua izan ohi du. Ez da irtenbide baten beharrik izaten. Ez baitiogu galdetzen geure buruari zergatik jarraitu behar dugun norabide hori. Gakoak ordea bidea aldatzean datza. Gauzak zalantzan jartzean. Edozein tontakeri edo gauza seriok errealitatea begien aurrera ekartzean. Lehen perfektua zirudiena, inperfektua iruditzean. Ezer ez baita dirudiena. Ezta errealitatea ere. Argi izpi bakoitza, haize bolada bakoitza, zimeldutako hosto bakoitza. Pertsona bakoitza. Ezer ez da perfektua. Hala dela ohartzen garenean jabetuko gara errealitateaz. Gauzen benetako egiaz. Aurretik ikusteko gai ez ginenaz.

Hala dela ohartu bitartean, unekoarekin zoriontsu izatea opa dizuet. 
Zoriontsu izan edo halako zeozer. 





2013/05/07

Benetako aberastasuna

Gauzek balio galtzen dutela diote eta arrazoi dute. Unean bertan hainbat desiratutako gauza ezezagun horiek, denboraren poderioz ahantzi egingo baititugu. Eta ahazten ez baditugu ere, ilunagoak edo urrunagoak irudituko zaizkigu.  Hauek ordea, diruaren botereak erositako gauzak izango dira ziurrenik. Sentimenduak beti izango baitira aberats. Momentu jakin batean balio mugagabea izan duen irudi batek, ez baitu inoiz esanahia galduko. Oharkabean lapurtutako irribarre berezi batek, bere edertasuna galduko ez duen bezalaxe. Jada gertu ez dugun pertsona batek sortutako atsekabe zein zorionak inoiz ahaztuko ez ditugun bezalaxe (hala nahi izanda ere). 

Benetan aberatsa dena ez baita gauza gehien dituena. 

EL DIARIO DE NOA

2013/04/16

Aurrera jarrai,

Zoriontasunaren atzetik, ihesi ari zaion kometa harrapatu nahian dabilen umearen antzera. Lasterka, nekatuta, baina aurrera jarrai. Une batez gelditzen bada, atzeranzko bideari ekiten badio, begi bistatik galduko baitu. Noizbehinka, haize bolada baten laguntzaz soka eskuetan harrapatzen du. Hari muturra ukitzen duen unean bertan, momentuaz gozatzeari ekiten dio. Lasterketa iraunkorraren fruitu preziatua dastatuaz. Nekea alde batera utziaz. Merezi izan duenaren irribarrea gorde ezinaz. Hariak lehenago edo beranduago  eskuetatik alde egingo diola soberan baitaki. Gogor heldu arren, hatzen artetik irrist eginez urrutiratuko baitzaio.   Baina zoriontsu da, zoriontasuna dastatzeko aukera duelako. Hari muturra ikusteko gai delako. 

Ez utzi laster egiteari, INOIZ 






2013/03/12

Gizenak baina hutsak,

Ohi bezala, lanetik irten da presaka alkandora berriaz mozorroturik. Airez betetako maleta handi arina garraiatzen du behatz potoloez. Goiz lasaia izan duen arren, izerditan blai dago. Hartu behar izan dituen erabaki garrantzitsu eta hauen ondorioek SORTU GABEKO larritasunen eraginez, lagun gorbatadunak ohiko jatetxean zain dituelako. Arineketan, garaiz iritsi nahian, dantzan darama diru ustelez elikaturiko sabel handia. Hamar minutura duen bazkarirantz oinez jarraitzeko bidea luzeegia iruditu zaionez, taxia hartu du. Behin, gidariak eskatutakoa aurpegi txarrez ordainduta, handitasunez sartu da hiriko jatetxe garestienera. <<Hamar minutuko bidaia ziztrin batengatik ez dizkit ba hamar euro eskatu, taxilari madarikatu horrek!>> esanez eseri da aulkian, poltsikoan gorde duen diru-zorroaren pisuak bere horretan jarraitzen duelarik. 

Handik metro batzuetara familia batek etxea galtzen duen bitartean,  gizen talde bat, Afrikako herrialde txiki bat elikatzeko adinako bazkarian elkartu da . 
ON EGIN

2013/03/07

Ardi beltza,



Inoiz sentitu naiz lekuz kanpo, ingurura begiratu eta ezkutalekurik gabe aurkituz. Ezberdina sentitu naiz besteen artean. Inon lekurik izango ez banu bezala. Artalde txurian ardi beltz sentitzen denaren gisan. Zerbait gaizki al doa? Ezberdina eta txarra izatea ez datoz eskutik. Ona eta egokiena izatea ez datozen moduan. Ezberdintasunek egiten gaituzte berezi. Ñabardura txikiek gustagarri edo gorrotagarri. Izana da garrantzitsuena, behin iritzien labirintoan sartuz gero galtzea errazegia baita. Buruak adina aburu aurki ditzazkegu bide bakoitzean. 

Ingurura begiratu. Ezberdin. Harro.   

2013/03/04

Euritan galduz,

Euria ura besterik ez bada
hutsari begira pasa ditut orduak
arratsalde euritsuetan ezerezetik sortu zaizkit saminak
beira hotza busti besterik ez da egin, leihoetan.

Euri tanta bakoitza negar malko bada
nigan izan da euria gau luzeetan
argazki ezagunek euriteak jasan dituzte nire eskuetan
zure oroitzapenak ekaitzak sortarazi dizkit noiznahi.

Hodeiak ur biltegi besterik ez badira
bertan itotzen dira umeen ametsak
galdu zaidan itxaropenaren pisuz dira hondoratuak
arrainek jaten dituzte inori xuxurlatu gabeko hitzak.

Izenik gabeko hau jolasa besterik ez bada
nik izan nahi dut  jokalari
araurik zein galtzailerik gabekoan apustu egin
nik jolastu besteekin.

TANTAZ TANTA





2013/02/27

Akatsak, irakasle

Kontraesanak bereziak iruditzen zaizkit. Oharkabean, ezustean harrapetzen gaituzte. Aurrez esandakoa eta momentuan pentsatutakoaren arteko guda bitxiak dira. Iritziz aldatu ote dugu? Edota ez dakigu oraindik zer pentsatzen dugun? Asko dugu ikasteko (ni barne), iritziak sortzear ditugu (batzuk jada eraikita ditugun arren). Akatsak egiteko gai gara oraindik, trukean askorik galdu gabe. Zirrara sortzen dit erortzeak, mila aldiz harri berdinarekin bada ere. Akats bakoitzetik zerbait berria ikasten baitugu. Hazten laguntzen gaituzten irakasleak baitira.

Akatsetatik ikasten ez duenik bada, zorte ona izan dezala. Norabidea galdu ez badu, jarrai dezala bidea.



EASIEST? RUN HOME


2013/02/23

Alferrik jantzitako katamaloak,

Ispiluan agertzen den neska ezezagunari begira dago. Sudur handia omen du, kokotsa zabalegia aukeran eta masail zurbilak beste hainbat gauzen artean. Azala lehorra, begiak txikiak eta ñabarrak, distira berezirik gabeak. Ez da bera, ez. Ez du nahi izan bera. Aurpegia uraz busti du, gaueko amesgaiztoen hondarrak guztiz garbitzeko. Krema zuriaz igurtzi du, autoestimua goxatzeko edo. Ileak aurpegitik banatu eta hutsik dagoen mihiseari begiratu dio, pintore sentituaz. Pixkanaka azala belztuz, begiak beltzez zikinduz, masail zurbilak koloretez estaliz, ezpainak koipetuz... Artelana amaituta, duela minutu gutxi ezezaguna zitzaion aurpegi berdinari begira jarraitzen du. Pintura, krema pote eta bestelakoek nor den erakutsiko diotelakoan. 

Katamaloa jantzi du barrena pozteko asmoz, baina ilun jarraitzen du. Gaurkoan berak ere ez daki nor den ispiluaren aurrean.

KATAMALOA

2013/02/06

Amestea libre den bitartean,

Ametsetan bizi naiz, ametsak ederrak direnez. Txori baten pare hegan egitea gustatuko litzaidake. Hegoak zabaldu eta aske naizela sentitzeko. Senak dioenari jarraituz, aurrera egin ezerk iluntzen ez duen bidean. Arazo txikiena ikusi orduko, indar gehiago egin eta mugimendu azkar batez atzean uzteko. Zeru urdinean zehar, lotsik gabeko mundu batean, nire gustura dantzatzeko. Oihu egiteko. Barrez lehertzeko. Ametsak ametsak direla esan ohi didate soberan dakidan arren. Ulertu ezin dutena ordea, nire ametsa oraina dela da. Aske naizela nahi dudana egiteko. Akats bakoitzeko kolpe bat jaso eta irribarre batez lurretik zutitzeko. 

Ametsak umeen ipuin koloretsu soilak direla pentsatzen jarraitzen dutenentzat, bi hitz: ZORIONTSU NAIZ----> IZAN

DREAM

2013/02/02

Hitz bakoitzean gordetzen dena

Bakarrik sentitzen diren esaldi guztiak bildu nahi nituzke. Neska hark, mahai hartan idatzitako hitz solteak, beste inun esateko gai sentitu ez zituenak. Mutil hark, ahopeka haizeari xuxurlatu zizkionak, haizeak belarri haietara eramango zituelakoan. Barruan gordetako egi handienak, hauek azaleratzean eragingo dutenaren beldurraz, bortxaz espetxaratuak. Lau haizetara zabaldu beharko genituzken aldarrikapen oihuak, diruaren botereak itzalpean ezkutatu dituenak. Denborak eraikitako iritzi anitzak, jabeek gutxietsitako eta balioztatu gabeak. 

Denok baitugu zer esana, zer entzuna, zer partekatua, zer oihukatua. 

Flickr

2013/01/22

Amildegi muturra,

Amildegiaren muturrean dago. Oinak sustraien moduan iltzatuak ditu lur muturrean. Aske sentitu nahi du, bizi labur honetan aukera bakarra badu ere. Heriotza eta bizitzaren muga zeharkatzeak sortutako beldur-irrikaz bete nahi du barrena. Aukera hori beregan dagoela sentitu. Atzera itzultzera edo jauzi egitera bultzatzen dioten arrazoien gudan aurkitzen da. Balantza zein aldeetara eroriko denaren zain. Aukeratuko duena bera dela sinetsarazi nahian. Ausardia non gorde duen aurkitu, eta behingoz erabiltzeko gai dela ohartuz. Jauzi egin du aurrerantz, beldurrik gabe baina indar guztiak bertan utziz. Sustraiak erroetatik atera ditu eta askatasun haizeaz gozatzeari ekin dio, golpe bortitzenaren zain dagoelarik.

Baina golpe bortitz hori ez da etorri, ezta bera lurrera gerturatu ere. Ausardiaren irudizko hegoei esker, hegan jarraitu du zeruan. Nahi duena aukeratu baitu. ARRISKUAK DAKARREN BELDURRA EZKUTATU ETA SENTIMENDUAK JARRAITUZ.

Bertsolari dokumentala

2013/01/15

Ahultasuna>Boterea

Txikitan amak, bihotzak apurtezinak zirela irakatsi zion. Jasotako muxuek, igurtziek, besarkadek, hala zela erakusten zioten. Haserre "gogor" baten ondoren lehenago edo beranduago berreskuratzen baitzituen. Kontzientziak behin eta berriz errepikatzen zion, barearen ostean ekaitza zetorrela, baina honen ondoren ere barea etorriko zela. Gelako atearen danbatekoaren bidez, zein barkamena eskatuz lortzen zuen hain preziatua zuen lasaitasuna, baina ez zuen ikasi zerk zuen balio gehiago. Ateari gogor eginez, boteretsu sentitzen zen, barkamen eskatzean ahul sentitzen zen moduan. Boterearen itzal gazi-gozoak pisu handiagoa zuten esku haietan, barealdi bakoitzak, ekaitz bortitzena indartzen zuen ordea. Danbateko handi batez alde egin zuen etxetik, bare-egarriz. Baina mundu perfektu handik kanpo, ate danbadek ez zuten lekurik. Eta bihotzak, zuzenean apurtu ezin ziren arren, izoztu ondoren pitzatzen zirela ohartu zen.

2013/01/06

Oroitzapenetan murgilduz (3)


“Elkarri begira daudela, euria hasi du. Tantak pixkanaka jausi dira, patxadaz, une hura apurtu nahi ez balute bezala. Lurrera iritsi dira, baita bi haurren masailetara ere, baina hauek ez dira beldurtu. Elkarri ausart izaten laguntzen baitiote. Mutikoak goxo-goxo heldu dio eskutik, zutitzeko eskatuz. Neskatoak bi aldiz pentsatu gabe jauzi egin du belar gainera, eta elkarren arteko lotura hautsi gabe korrika bizian hasi dira. Alai, bizirik, beldurrik gabe dantzan hasi dira euripean. Haurtzaroan unerik politenak euriak ere ez baititu zapuzten. Heldutasunean ez bezala”.


2013/01/04

Oroitzapenetan murgilduz (2)

“Oparia jaso ondoren, aurrean duen mutikoari musu bat eman dio esker modura. Honek harrituta, masailean sentitu ditu bere ezpain bigun eta bustiak. Gustuko du hauen ukitzea bere masail gorrietan, eta honek sortutako kilimek ihes egin ez dezaten eskuaz heldu ditu. Elkarri begira jarraitu dute hodeien mundu perfektuan, batak lorea eskuan besteak eskua masailean. Ez dakite oraindik zeinen zoriontsu diren. Haurtzaroan sentimendu goxoenek eragiten dutena ezezaguna baita, betirako galtzen direla ohartzen gareneko hutsunea bezala.”


2013/01/02

Oroitzapenetan murgilduz (1)

Arnasestuka etzan behar izan du belardi zabalaren txoko ezkutuenean. Ihes betean dabil, barre algarak isilaraziz. Ez dago ez gaizto ez zintzorik berarentzat, zoriontasuna baizik. Harrapatua izatearen beldur eta nahiaren artean, ez dio korrika egiteari utzi. Baina ezin izan du atzera begiratzeko nahia eutsi, ez baitu bere aurpegiaren irudia ahaztu nahi izan. Orain belar gainean, zeruaren urdinean galduta, bere ametsak marrazten ditu hodeien artean, esku ezagun batek ekarri dion lore ederrak mundura itzularazi dion arte. Lotsati onartu du arantzik gabeko oparia. Haurtzaroan arantza mingarriak ezezagunak baitira, bakardadea eta tristura bezala”.