2013/03/12

Gizenak baina hutsak,

Ohi bezala, lanetik irten da presaka alkandora berriaz mozorroturik. Airez betetako maleta handi arina garraiatzen du behatz potoloez. Goiz lasaia izan duen arren, izerditan blai dago. Hartu behar izan dituen erabaki garrantzitsu eta hauen ondorioek SORTU GABEKO larritasunen eraginez, lagun gorbatadunak ohiko jatetxean zain dituelako. Arineketan, garaiz iritsi nahian, dantzan darama diru ustelez elikaturiko sabel handia. Hamar minutura duen bazkarirantz oinez jarraitzeko bidea luzeegia iruditu zaionez, taxia hartu du. Behin, gidariak eskatutakoa aurpegi txarrez ordainduta, handitasunez sartu da hiriko jatetxe garestienera. <<Hamar minutuko bidaia ziztrin batengatik ez dizkit ba hamar euro eskatu, taxilari madarikatu horrek!>> esanez eseri da aulkian, poltsikoan gorde duen diru-zorroaren pisuak bere horretan jarraitzen duelarik. 

Handik metro batzuetara familia batek etxea galtzen duen bitartean,  gizen talde bat, Afrikako herrialde txiki bat elikatzeko adinako bazkarian elkartu da . 
ON EGIN

2013/03/07

Ardi beltza,



Inoiz sentitu naiz lekuz kanpo, ingurura begiratu eta ezkutalekurik gabe aurkituz. Ezberdina sentitu naiz besteen artean. Inon lekurik izango ez banu bezala. Artalde txurian ardi beltz sentitzen denaren gisan. Zerbait gaizki al doa? Ezberdina eta txarra izatea ez datoz eskutik. Ona eta egokiena izatea ez datozen moduan. Ezberdintasunek egiten gaituzte berezi. Ñabardura txikiek gustagarri edo gorrotagarri. Izana da garrantzitsuena, behin iritzien labirintoan sartuz gero galtzea errazegia baita. Buruak adina aburu aurki ditzazkegu bide bakoitzean. 

Ingurura begiratu. Ezberdin. Harro.   

2013/03/04

Euritan galduz,

Euria ura besterik ez bada
hutsari begira pasa ditut orduak
arratsalde euritsuetan ezerezetik sortu zaizkit saminak
beira hotza busti besterik ez da egin, leihoetan.

Euri tanta bakoitza negar malko bada
nigan izan da euria gau luzeetan
argazki ezagunek euriteak jasan dituzte nire eskuetan
zure oroitzapenak ekaitzak sortarazi dizkit noiznahi.

Hodeiak ur biltegi besterik ez badira
bertan itotzen dira umeen ametsak
galdu zaidan itxaropenaren pisuz dira hondoratuak
arrainek jaten dituzte inori xuxurlatu gabeko hitzak.

Izenik gabeko hau jolasa besterik ez bada
nik izan nahi dut  jokalari
araurik zein galtzailerik gabekoan apustu egin
nik jolastu besteekin.

TANTAZ TANTA