2012/12/16

Amorerik eman gabe,

Gora begiratzen du, arnasa hartu ezinik. Itotzen ari da, baina ezin du ezer egin, sufrimendu aurpegia erakutsi besterik. Bakarrik dagoen leku horretan ordea, lekukorik ez dagoenez, ez du laguntza jasotzeko esperantzarik. Lekuan bertan geratu ordez, aurrera jarraitzea erabaki du ordea. Izatearen barne sakonenetik atera ditu azken indarrak, bere harridurarako. Pauso txikiz, asko aurreratu ez duen arren harro sentitu da. Unerik zailenetan ere aurrera egitea erabaki duelako. Helmugara iristeko esperantzak aspaldi itzali ziren arren, aukerak bertan jarraitzen dutela ohartu delako. Amorerik ez ematea erabaki duelako. Inpotentzia eta alaitasunaren arteko nahasketa bitxi horri heldu eta lurretik narras doa. Konortea galtzear dago.

 Mundu krudel hau utzi aurretik, azken irria eskaini dio
Jaio zen unetik lapurtua izan zitzaion bizitzarekin amestuz itzali da. Betirako.  


2012/12/13

Atzeraurrera,

Atzerantz begiratzen hasi eta ez dakit akatsak nondik jaio diren, edo non ezkutatu ziren? Gauzak ezberdin ikusten ditut orain,  ez dakit nola egin nien aurre oztopoei, ez eta noiz egin nuen topo haiekin ere.Mendi altuak igo ditudala esan nahi diot barneari, garunari, buruari... baina badakit aurretik bide luzeegia dudala. Kolpe ugari ditut jasotzeke, erabaki gehiegi hartzeke, denborak berdin jarraitzen du aurrera. Ez dago geldiunerik ez atzera bueltarik, badaezpadakoan begiratu dut, iraganaren putzu sakonean murgilduz.

Agur esan diet oroitzapenei.
Aurrera begiratzeko ordua iritsi da. 


2012/12/10

Zerrail hotsa, ametsgaizto denean.

Burkoan babestu da, ohi bezala. Aurpegia estali du, mundua ixteko intentzioz. Egunero entzun behar izaten dituen biraoak datozkio behin eta berriro burura. Merezi dituelakoan, are eta okerrago sentiarazten da. Ohitura suntsitzailearekin jarraituz, hutsaren hurrengoa dela errepikatzen dio bere buruari. Hainbat alditan entzun duena sinetsaraziz. Faltan botatzen du aspaldiko babes hura. Baina beldurrak sortutako irudizko kateek  itxi diote ahoa. Ez da pentsatzeko gai. Argiak ez du lekurik bere egunerokotasun ilunean. Ez da ondoan duen telefonoan zenbaki batzuk markatzeko gai, bakardadeak estali baitizkio begiak, jipoiek  lotu eskuak... Ahaztua du, iraultza txikiena ere nonbaitetik hasten dela.

Ohe gainean jarraitzen du iraultza horren zain, ametsetan.

2012/12/05

Harea, besterik ez


 Haizeak,  hondar aleak daramatza astiro, dunen arteko olatu lehorrak marraztuz. Eguzkiaren beroak arropak ere zeharkatzen ditu, izpiak azaleraino zuzen iritsiz. Turismo egarriz etorritakoren batek antzemango ez lukeen zerbait du inguruak. Sentimenduen turismoa, hain zuzen. Lau izarreko hotelen ordez,  jaimen lur estaliak ohe gisa. Dutena baino gehiago emateko prest diren familiak, hoteletako zerbitzarien pare, etxera sartu zaien edozein ezezagunen premiak asetzeko prest. Jostailuek edo opariek ez dute balio bera hemen. Maitasun eta intentzio betez eginikoek ere ez. Ez dira erabilgarri basamortu erdian. 

Bizikleten gurpil zulagaitz bakarrak arropa zatiak edo harriak diren leku honetan, gurpil puzgailuaren balioa ikusi besterik ez... 



2012/12/04

Prest,

Mundu honek milaka desilusioa ditu guretzat gordeta. Oraindik ikasten dihardugu, eta gutxien espero dugunean ohartzen gara hala dela. Egun ederrenaren ostean aurki dezakegu errealitate gordinena. Hainbat denboran jakin izan ditugun baina sinetsi nahi izan ez ditugun egiak datozkigu kontu eske. Bete-betean harrapatzen gaituzte, apurtzen gaituzte. Halaxe sentitzen gara, zati txikietan zatituta, aurrera egin ezinik. Zer egin ez dakigula. Noraezean. 

Eta guk, aurrera jarraitzen dugu zuzen, hau ekiditea erraza izango balitz bezala, irrifar behartuz estaltzen ditugu aurpegiak. Geure buruari dena ondo doala sinetsarazi nahi diogun antzerkiarekin jarraitzeko asmoz.