2013/02/27

Akatsak, irakasle

Kontraesanak bereziak iruditzen zaizkit. Oharkabean, ezustean harrapetzen gaituzte. Aurrez esandakoa eta momentuan pentsatutakoaren arteko guda bitxiak dira. Iritziz aldatu ote dugu? Edota ez dakigu oraindik zer pentsatzen dugun? Asko dugu ikasteko (ni barne), iritziak sortzear ditugu (batzuk jada eraikita ditugun arren). Akatsak egiteko gai gara oraindik, trukean askorik galdu gabe. Zirrara sortzen dit erortzeak, mila aldiz harri berdinarekin bada ere. Akats bakoitzetik zerbait berria ikasten baitugu. Hazten laguntzen gaituzten irakasleak baitira.

Akatsetatik ikasten ez duenik bada, zorte ona izan dezala. Norabidea galdu ez badu, jarrai dezala bidea.



EASIEST? RUN HOME


2013/02/23

Alferrik jantzitako katamaloak,

Ispiluan agertzen den neska ezezagunari begira dago. Sudur handia omen du, kokotsa zabalegia aukeran eta masail zurbilak beste hainbat gauzen artean. Azala lehorra, begiak txikiak eta ñabarrak, distira berezirik gabeak. Ez da bera, ez. Ez du nahi izan bera. Aurpegia uraz busti du, gaueko amesgaiztoen hondarrak guztiz garbitzeko. Krema zuriaz igurtzi du, autoestimua goxatzeko edo. Ileak aurpegitik banatu eta hutsik dagoen mihiseari begiratu dio, pintore sentituaz. Pixkanaka azala belztuz, begiak beltzez zikinduz, masail zurbilak koloretez estaliz, ezpainak koipetuz... Artelana amaituta, duela minutu gutxi ezezaguna zitzaion aurpegi berdinari begira jarraitzen du. Pintura, krema pote eta bestelakoek nor den erakutsiko diotelakoan. 

Katamaloa jantzi du barrena pozteko asmoz, baina ilun jarraitzen du. Gaurkoan berak ere ez daki nor den ispiluaren aurrean.

KATAMALOA

2013/02/06

Amestea libre den bitartean,

Ametsetan bizi naiz, ametsak ederrak direnez. Txori baten pare hegan egitea gustatuko litzaidake. Hegoak zabaldu eta aske naizela sentitzeko. Senak dioenari jarraituz, aurrera egin ezerk iluntzen ez duen bidean. Arazo txikiena ikusi orduko, indar gehiago egin eta mugimendu azkar batez atzean uzteko. Zeru urdinean zehar, lotsik gabeko mundu batean, nire gustura dantzatzeko. Oihu egiteko. Barrez lehertzeko. Ametsak ametsak direla esan ohi didate soberan dakidan arren. Ulertu ezin dutena ordea, nire ametsa oraina dela da. Aske naizela nahi dudana egiteko. Akats bakoitzeko kolpe bat jaso eta irribarre batez lurretik zutitzeko. 

Ametsak umeen ipuin koloretsu soilak direla pentsatzen jarraitzen dutenentzat, bi hitz: ZORIONTSU NAIZ----> IZAN

DREAM

2013/02/02

Hitz bakoitzean gordetzen dena

Bakarrik sentitzen diren esaldi guztiak bildu nahi nituzke. Neska hark, mahai hartan idatzitako hitz solteak, beste inun esateko gai sentitu ez zituenak. Mutil hark, ahopeka haizeari xuxurlatu zizkionak, haizeak belarri haietara eramango zituelakoan. Barruan gordetako egi handienak, hauek azaleratzean eragingo dutenaren beldurraz, bortxaz espetxaratuak. Lau haizetara zabaldu beharko genituzken aldarrikapen oihuak, diruaren botereak itzalpean ezkutatu dituenak. Denborak eraikitako iritzi anitzak, jabeek gutxietsitako eta balioztatu gabeak. 

Denok baitugu zer esana, zer entzuna, zer partekatua, zer oihukatua. 

Flickr